XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

POESIA BENETAKOA

W.H. Auden poetak kondatu zuen, idazten hasi zenean poesia ona egiten entseiatzen zela.

Gero poema, onak ez ezik, egiazkoak egiten saiatu zen.

Edertasun eta intelijentziaren kriterioekin batera, egiaren kriterioa haintzat hartuz.

Baina geroago ez zen konformatzen poema onak eta egiazkoak egitearekin.

Benetakoak nahi zituen zentzu sakonagoan, bere bizitzarekiko fidelak.

POESIA HUTSA

Poesia hutsa esaten denean nahastu egiten da zer esan nahi den:

- Sakona eta benetakoa dela.

- Barruan deusere ez duela.

- Poesia besterik ez dela, beste ezer ez dela.

POESIA SEKRETUA

Limako San Marcos unibertsitatean Javier Herauden sasoian, seigarren hamarkadako urteetan, poesia errezitalak antolatzen ziren eta, sarritan, botere antidisturbioak sartzen ziren, ikasleen biltzarrak desegitera.

Poetak beren ekintzen arrakastaz arras kontent egoten ziren: entzuleen artean poesia sekretua izaten zen errezitalaren hasiera hasieratik, oso erne beti, eta gero, gainera, poesia armatua sartzen zen bere indar eta apurtu behar guziarekin.

Horrela berbiztu zen, poesia, poemak zeuden lekura poesia eramanez.

POESIA SOZIALA

Blas de Oterok abisatu zuenez, poesia sozialaren helburua obreroen soldata igoeraztea baldin bada (...)